|
Hiru ekintza antolatu dira, bakoitza publiko jakin batentzat. Lehenik eta behin, "El Sueño del Agua" filmaren euskarazko bertsioa proiektatuko da ikasle-talde handi batentzat, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoaren auditorioan. Bausan Films-ek ekoitziriko dokumentala da, UNESCO (WWAP, World Water Assessment Programme; hau da, Ur Baliabideak Ebaluatzeko Programa) eta EXPO Zaragozarentzat. Munduko 5 leku ezberdinetako 5 haurren istorioa kontatzen da dokumentalean; hain zuzen, adieraziko digute beren eskualdean egunero urarekin loturiko zer arazori egin behar dieten aurre.
Ondoren, prentsaurreko batean, ETBk martxoaren 22rako programaturiko saioa aurkeztuko da: filmaren euskarazko bertsioaren emanaldia. Prentsaurrekoan, besteak beste, Albert Solé filmaren zuzendariak eta Bingen Zupiria ETBren zuzendariak hartuko dute parte.
Uraren Munduko Eguna ospatzeko azken ekitaldia mintegi bat izango da. EAEn urarekin lotutako erakunde, organismo eta elkarteetako eragile eta ordezkarientzako ekitaldi horretan, nazioarteko zenbait hizlari arituko dira, maila handikoak; hain zuzen ere: Carlos Fernández-Jáuregui (Ekintzarako Nazio Batuen Hamarkadaren -"Ura: bizi-iturri" 2005-2015- Laguntza Bulegoaren zuzendaria), Benoit Bazin (Europako Kontseiluaren Uraren Europar Ekimena) eta Inés Lezama (UNICEF).
Jarduera horiek guztiak Bilboko Itsas Museoan izango dira.
|