Ur Agentzia

Acceso a euskadi.net

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 

Azken eguneratzea: 2012/01/18

Uraren Euskal Agentziak (URA) bukatutzat ematen ditu Zugaztieta-Trapagarango ostion putzuko lanak, hustuketa arazoak konpondu ondoren.

Uraren Euskal Agentziak gune honetan aurrera eraman dituen lanak 2008an hasi ziren, urtegiaren ur laminaren maila ohi baino gehiago jaitsi zenean. Egindako azterketek posible egin zuten ur ihesaren nondik norakoak antzematea. Arazoa Ostioneko urtegi-putzuko ura eusten duen galeriako horman bertan sartutako hodi batean aurkitu zen. Hain zuzen ere, urtegiaren hondoko balbula batean, urez betetako aspaldiko meatze-galeriako balbula batean.

Gaur egun Zugaztietako Ostion Putzua Trapagarango goialdeko zona turistiko garrantzitsuenetariko bat da. Urtegi hau burdina ustiatzeko aspaldiko gune batek utzitako tokian kokatzen da. Bertan aurkitzen zen minerala ateratzeko lurrazpiko galeria bat erabiltzen zen, Orconera-Zeitegiko haranarekin loturik zegoena. Mineralaren ustiaketa bukatu zenean, galeria hori zementuarekin itxi egin zen, Gallarta-Ortuellako meategiek zituzten ur hornidura beharrentzat osagarri izango zen urtegi bat sortzeko.

Aprobetxamendua galeriako zementu murruan sartuta zegoen hodi baten bitartez egiten zen, Trianoko urtegitik zetorren bideratze sistemarekin batzen zena. Meatzaritzarako erabilera bukatu ondoren, gaur egun kontzesioak dituzte bertan Bilboko Ur Partzuergoak eta Bizkaiko Foru Aldundiak.

2008an putzuaren ur mailak ohiz kanpoko jaitsiera bat izan zuen, 4 m baino gehiago. Egoeraren honen aurrean Uraren Euskal Agentziak hustuketa honen arrazoiak bilatzeko eta konpontzeko lanak hasi zituen.

Lehenengo pausua lekura hurbiltzea izan zen, neurketak egin eta egoera bertatik bertara ezagutzeko. Horrekin batera, gune horren egoerari buruzko agiriak eta hainbat erakundek egindako ikerketak aztertu egin ziren (Bizkaiko Foru Aldundia, URA)

Lehenengo lan horiek argi utzi zuten hondoko galerian, ohi baino ur gehiago agertzen zela. Hori dela-eta, Ostioneko hondoko galeria eta aldameneko beste bat hustea erabaki zen, barrualdea hobeto aztertu eta ur galeraren zergatia jakiteko.

Horren bitartez zementuz egindako tapoia ondo zegoela frogatu ahal izan zen, eta, drainatzea murrutik ateratzen zen tuberia bateko akastun balbula batek sortzen zuela. Horrez gain, Ostion putzua Bodovalleko (Ortuella) meategiarekin lotzen zuen hodian kontrolatu gabeko jario bat zegoela antzeman zen.

Aukeran zeuden konponbideak aztertu ondoren, balbula berri bat jarri zen, horren bitartez Zeitegiko ubidearen emari ekologikoa erregulatzeko eta, behar izanez gero, Ostioneko putzuaren maila kudeatzeko.

Zegozkion neurriak hartu ondoren, urtegiaren ur mailari buruz 2009. urtetik jaso diren datuek putzua era egokian berreskuratu dela adierazten dute. Burututako lan guztiek- azterketa, ekintza zehatzak eta jarraipen lanak kontutan hartuz- gutxi gora behera 3 urte iraun dute, eta 50.000 euroko kostea izan dute.

Putzuaren hustuketa arazoak konponduta, Uraren Euskal Agentziak (URA) Ostioneko putzuan aurrera eraman dituen lanak amaitutzat ematen ditu.