Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000/60/EE Zuzentaraua, 2000ko urriaren 23koa, ureiburuzko politikaren arloan jardun-esparru komunitarioa ezartzen duena, 2000ko abenduaren 22an Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean argitaratzearekin batera jarri zen indarrean.
Abiapuntu gisa, zuzentarauaren 5. artikuluak ezartzen du mugaketa bakoitzaren ezaugarri eta egoera ingurumeneko eta sozioekonomikoen irudi eguneratua lortu behar dela, 6. artikuluan jasotako zona babestuen erregistroa barne dela, eta irudi hori administrazio komunitarioari helarazi behar zaiola 2005eko martxoaren 23a baino lehen. Horretarako, arteztaraua betetzeko estrategia komuna abiarazi zen, zenbait aditu-talderen emaitza gisa. Estrategia horretan, ondorengo epeetarako aurreikusitakoak ez ezik, 5. artikuluan jasotako alderdiak homogeneotasunez betetzeko zenbait jarraibide ematen dira.
Aipatutako jarraibideak kontuan izanda, Uren Zuzendaritza honek, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Hidrauliko gisa, 2000/60/EE Uraren Esparru Zuzentarauaren 5. eta 6. artikuluei buruzko txostena landu du, barne-arroen mugaketaren esparrurako, lurraldeari dagokionez horrela definitu baitzen autonomia-administrazioaren aginpide esklusiboko esparrua uren gaietan, 1994ko uztailaren 1ean aginpidea eskualdatzeko unean.