Uraren Euskal Agentziak bere gain dituen zereginak eta eskaini beharreko zerbitzua modu eraginkorrean betetzen ditu, erabiltzaileen partaidetzaren, beste administrazioen eskumenekiko errespetuaren eta partikularren eskubide eta interesekiko errespetuaren printzipioetan oinarrituta.
Agentziaren jarduera 1/2006 Legearen 3. artikuluan adierazitako ondorengo printzipio nagusietan oinarrituko da:
- Demarkazio hidrografikoak kudeatzerakoan eta horien plangintza egiterakoan, kudeaketaren eta plangintzaren batasuna errespetatzea.
- Tratamendu eta plangintza integrala, uraren ekonomia, baliabidearen iraunkortasuna, uraren egoeraren kontrola eta uraren erabilera arrazionala.
- Koordinazioa, administrazioen arteko kooperazioa, gardentasuna eta uraren inguruko politika zehaztu eta ezartzerakoan erakunde eta pertsona erabiltzaileek ere parte hartzea.
- Uraren kudeaketa publikoa bateragarria izatea lurraldearen antolamenduarekin eta ingurumena kontserbatu, babestu eta lehengoratzearekin.
- Eraginkortasunez eskaintzea horniketako, saneamenduko eta arazketako zerbitzu publikoak, betiere lehenengo helburutzat horniketa unibertsala hartuta.
- Solidaritatea, erantzukizuna eta uraren kudeaketak eta erabilerak eragindako kostuak erabiltzaileak ordaintzea.
- Uraren inguruko informazioa herritar guztiek eskuratu ahal izatea, eta bereziki isurketei eta ur-masen egoerari buruzko informazioa jaso ahal izatea.
- Urak eragindako uholde eta hondamendiei aurrea hartzeko politika.
- Ura merkatuko legeetatik eta salerosketa asketik kanpora dagoen ondasun publikotzat hartzen duen politika.
Azken finean, Uraren Euskal Agentziaren kudeaketa honako puntu hauetan oinarritzen da:
- Agentziako baliabideak kudeatzea: pertsonen garapenerako ekintzak finkatzea eta eraginkortasuna baliabide materialen kudeaketan.
- Jendarterantz zuzenduta jokatzea: baliabidearen eta haren kudeaketaren inguruko informazioa eta ezagutza sortzea, interesa duten alderdien parte-hartzeari etengabe leku eginez, eta osoko erantzukizun sozialaren ikuspegitik.
Hortaz, berezko politika bat sortzea, uraren kudeaketa publiko integral berri bati loturik, aprobetxamendua eta iraunkortasunaren arteko beharrezko oreka bermatzeko; azken batean, ura bezain baliabide baliotsuaren erabilera eta babesa bateragarri egiteko.
|