Ur Agentzia

Acceso a euskadi.net

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 

Jarduera eremuak

Lokalizazio eta esparrua

Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) Iberiar Penintsularen iparraldean dago, Kantauri itsasoaren ertzean, eta 209 km-ko itsasertza du. Kantabria, Gaztela-Leon, Errioxa eta Nafarroako Autonomia Erkidegoak eta Frantzia ditu mugakide. Azalera 7.234 km2-koa da, eta biztanleria 2.112.204 biztanlekoa (2003). Biztanle-dentsitatea, beraz, 292 biztanlekoa da km2-ko. Hidrologia-plangintzarako, EAEko lurraldea 3 Mugape Hidrografikotan dago banatuta: EAE barneko Arroak, Iparraldekoa eta Ebrokoa. Horien behin behineko izendapena 2003ko abenduaren 23an zegoen eskumen-banaketa aintzat hartuta egin zen.

Osorik EAEtik igarotzen diren ibaien azalera Barneko Arroen egituran sartzen da, eta erkidego arteko beste ibai batzuetako trantsizioko uretara isurtzen duten ibaien azalera ere hor sartzen da. Iparraldeko Mugapekoak dira Oria, Urumea, Bidasoa eta Ibaizabal ibaien arro hidrografikoak, kostaldeko uretarako trantsizioa adierazten duten puntuetatik gora. Gainera, Aguera eta Karrantza ibaien arroak ere mugape horretan sartzen dira. Mediterraneo itsasora isurtzen duten arroak Ebroko mugapean sartzen dira.


Plangintza-esparruak EAEn


Lurralde Histórikoak

igo

Kokapen Fisikoa

EAE lurralde menditsua da nagusiki, eta Pirinioen mendebaldeko muturraren eta Kantabriar mendikatearen ekialdeko muturraren artean dago kokatuta. Kantauri eta Mediterraneo itsasoetarako isurialdeen banalerroa altuera txikiko mendikate-segida batek osatzen du: Aralar mendilerroa, Aizkorri-Urkilla-Elgea mendilerroa, Urkiola mendigunea, Gorbeia mendilerroa eta Sierra Salvada. Banalerro horrek lurraldea banatu eta eremuaren geomorfologia baldintzatzen du.


Iparraldeko isurialdean, morfologia horrek zenbait ibai-arro sortzen ditu, eta Kantauri itsasora zuzentzen dira, distantzia laburrean desnibel handia gaindituta. Ibar horiek, oro har, Iparralde-Hegoalde norabide nabarmena dute. Ibaizabal ibaia bakarrik bereizten da besteetatik, mendebalde-ekialde norabidea duelako nagusiki.

Ebroko isurialdean, erliebea leunagoa da. Banalerroko mendiek eta kantabriar ibarrek alde handia dute altueran; Ebroko isurialdean txikiagoa da aldea, Mediterraneoko ibaien oinarriko maila garaiagoa delako, 600 m ingurukoa. Erdiko goi-lautada handiak Lautada eratzen du, Zadorra ibaiak zeharkatzen du, eta Ebroko Sakonunetik bereizten duten mendiguneak ditu alboetan.

Arro hidrografiko esanguratsuak hogeita lau dira: hamalauk Kantauri itsasora isurtzen dute, eta gainerakoek Mediterraneora. Unitate Hidrologiko gisa deskribatzen dira, unitateak Mugape Hidrografikoaren kontzeptutzat hartuz, baina dagozkien kostaldeko urak sartu gabe.


Topografía


Unitate Hidrologikoak

igo

Esparru biotikoa

Eskualde eurosiberiarra eta mediterranearraren artean dagoen EAEren kokapen biogeografikoagatik, itsasertzetik Errioxara arteko klima-gradienteagatik eta 1.000 m baino gehiagoko altuera-aldeengatik, flora eta faunan aberastasun handia dago: 3.000 landare-espezie baino gehiago eta ia 400 ornodun.


Faunaren kasuan, interesgune ugari daude, eta, oro har, pertsonek gutxi okupatuta dauden eta baso-sail handiak dituzten mendiguneak dira. Errekak eta errekastoak intereseko guneak dira faunarentzat, batik bat mehatxatutako espezieak daudelako (arrainak, urlehortarrak, ur-ipurtatsa, muturluze piriniarra, etab.). Logikoki, lurrazaleko urei loturiko ekosistemetan, hezeguneak interes handiko guneak dira, hegazti migratzaileen negu-tokiak eta ugaltokiak direlako: horien artean, nabarmentzekoak hauek dira: Kantauri itsasoaren aldean, Txingudiko padurak Gipuzkoan eta Urdaibaiko Biosfera Erreserba Bizkaian; eta barnealdean, Zadorrako urtegi-sistema, Salburua eta Guardiako aintziren lerroak.


Erkidegoaren mailan garrantzia duten mehatxatutako hainbat espezieren populazioak daude EAEn. Ur-ipurtatsa (Mustela lutreola), kontinentean mehatxatuenetakoa den ugaztuna da, eta azken populazioetako batzuk Oka, Lea, Artibai eta Deba ibaietan daude. Izokina (Salmo salar), berriz, lehen izan zuen banaketa-eremua berreskuratzen ari da, hainbat administrazio izokinaren egoera leheneratzeko egiten ari diren lanei esker. Muturluze piriniarrak (Galemys pyrenaicus) ere biziraun du, ale gutxiko kopuruetan izan arren, ekialderen dauden arroetan.

igo

Klima baldintzak

Iparraldeko isurialdean, klima mesotermikoa da: tenperaturen aldetik neurrizkoa eta oso euritsua. Urtaro lehorrik gabeko klima hezeko kategoriakoa da, edo Atlantikoko klima. Aire-masen tenperaturak leundu egiten dira ozeanoko ur epelak ukitzean, eta gero itsasertzera heltzen dira. Horregatik, gaua eta egunaren arteko oszilazio termikoak, edo uda eta neguaren artekoak, ez dira hain nabarmenak izaten. Orografiaren faktoreak azaltzen du Euskal Herriko isurialde atlantiko osoan zergatik egiten duen euri asko: prezipitazioen urteko batezbestekoa 1.200 eta 2.000 mm baino gehiagoren artekoa izaten da.Erdiko eremua, Arabako zati handi bat hartzen duena, itsasaldeko klima eta klima mediterraneoaren arteko trantsizio-eremua da, eta ezaugarri atlantikoak nagusitzen dira, ez baitago benetako uda lehorrik. Arabako mendebaldeko ibarretan eta Arabako Lautadan klima subatlantikoa da, eta hegoalderago submediterraneoa, gutxi gorabehera Trebiñu eta Arabako Mendiak hartzen dituen eremuan. EAEko hegoaldean, Arabako Errioxak hartzen duen Ebroko sakonuneko eremuan, mediterraneo erakoa da klima: uda lehor eta berokoa, argi eta garbi. Normalean, neguak nahiko hotzak eta prezipitazio gutxikoak izaten direnez, barnealdeko mediterraneoa edo kontinental mediterraneoa deitzen zaio.


Urteko batezbesteko prezipitazioa (mm)

igo

Uraren Zikloa

EAEko esparruko prezipitazioa, batezbeste, urtean 9.222 hm3-koa da, 6.747 isurialde kantauriarrean eta 2.475 isurialde mediterraneoan.


Ebapotranspirazioz atmosferara itzultzen den prezipitazio-zatia balantze edafikoek eta erreferentziako ebapotranspirazioak edo ebapotranspirazio potentzialak baldintzatuta dago. Azken hori handiagoa izaten da barnealdean eta ekialdetik mendebaldera. Ebapotranspirazioaren aldaketak txikiagoak dira ziklo hidrologikoa baldintzatzen duten beste faktoreak baino; izan ere, aztertzeko metodologien arabera, ez dira aldatzen % 20-30 baino gehiagoan lurraldean zehar.


Guztira erortzen den euritik, 4.634 hm3 itzultzen dira atmosferara urtean ebapotranspirazioz (% 49) eta 4.575 hm3/urtean ur-baliabide bilakatzen dira (% 51). Kopuru horiekin, isurketa-uren koefizientea % 53koa izaten da isurialde kantauriarrean, eta isurialde mediterraneoan % 45eraino jaisten da; edozein modutan ere, oso kopuru altua da. Batezbesteko berariazko ekarpena 632 mm-koa da.


Ipar-ekialdeko muturreko prezipitazio eta isurketa-koefizienterik altuenak batuta, esparru osoko berariazko ekarpenik handienak lortzen dira; Urumea, Bidasoa eta Oiartzungo arroek urtean 1000 mm baino gehiagoko baliabideak biltzen dituzte.


Iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebalderako diagonalean dagoen bilakaeran, Oria, Urola, Deba, Artibai, Lea eta Oka sistemak daude, eta horien berariazko ekarpenak 730 eta ia 900 mm-koak dira; diagonal horrek markatzen du ekarpenen murrizketa.
Hurrengoak Ibaizabal, Barbadun, Butroe, Aguera, Karrantza eta Arakil dira, urtean 600 mm baino zerbait gehiagorekin; eta, azkenik, isurialde mediterraneoko gainerakoak daude, Omecilloko, Ebroko erreka-zuloetako eta Inglareseko ekarpen txikienekin.


Urteko batezbesteko ETPa, mm-tan


Urteko batezbesteko berariazko ekarpena, mm-tan

igo


Ur-baliabideak

Ur-baliabiderik handieneko ibai-arroak hauek dira: Ibaizabal, 980 hm3/urtean; Oria, 690 hm3/urtean; eta Zadorra, 569 hm3/urtean. Ibaizabal eta Oriak biltzen dituzte isurialde kantauriarreko baliabideen erdiak eta Zadorrak proportzio bera du isurialde mediterraneoko baliabideetan.


Ekarpenetan oszilazio handiagoa egoten da urte batetik bestera prezipitazioetan baino, horrelako prozesuetan ohikoa den bezala. Aldakortasun hori apur bat nabarmenagoa da Ebroren isurialdeko arroetan isurialde kantauriarreko arroetan baino, eta askoz nabarmenagoa da arro txikietan handietan baino.Isurialde kantauriarrean 1951tik 2000rako aldian ekarpenetan izan den aldea hau da: handiena 5500 hm3/urtean eta txikiena 1500 hm3/urtean. Isurialde mediterraneoan: handiena 1.800 hm3/urtean eta txikiena 450 hm3/urtean.


Unitate Hidrologikoetako urteko ekarpenak

 

igo


 

Azken eguneratzea: 2011/12/20