|
Euskal Herriko egoera soziopolitikoaren inguruan erreportaje bat lantzeko asmoz, Italiako RAI3 telebista publiko nazionaleko hiru kide Euskal Herrian dira egunotan. "Euskal Herriak egun bizi duen gatazka politiko-soziala islatzeko erreportaje bat landuko dugu RAI3ko Mediterraneo saiorako", adierazi du Enrico Rotondi kazetariak. Horretarako, politika munduko bozeramaile batekin eta politika mundutik haratago Euskal Herriko errealitateari beste begi batzuekin begiratzen dioten bi euskal herritarrekin ariko dira solasean. Rotondirekin batera, Euskal Herrian dira Nicola Latorre kolaboratzailea eta Rodolfo Zardoni kamera.
Berriako zuzendari Martxelo Otamendik egunkariko erredakzioan hartu zuen herenegun RAIko kideen bisita. "Euskal Herrian euskara hutsez argitaratzen den egunkari bakarra da Berria, eta bertako zuzendari eta kazetari independentea elkarrizketatzea garrantzitsua da guretzat", dio Rotondik. Otamendiz gain, Bernardo Atxaga idazle eta intelektuala elkarrizketatuko dute, Italian oso ospetsua baita. "Juan Jose Ibarretxe lehendakaria ezin izango dugu elkarrizketatu, haren agenda estua dela medio. Baina Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Miren Azkaraterekin hitz egingo dugu".
Euskal Herrian ETAk erasoren bat egiten duen aldiro Italiako telebistetako albistegietan irudiei tarte handia eskaintzen zaiela adierazi du Rotondik. "baina, eraso horietatik haratago, italiarrek ezer gutxi ezagutzen dute Euskal Herriko egoera soziopolitikoa. Horregatik landu nahi izan dugu sakon gaia". Iaz ere RAIkoak Euskal Herrian izan zire, ETAren su-etenaren inguruan erreportajea lantzeko. Mediterraneo programazioa RAI3, France3 eta Afrika iparraldeko telebista publikoak elkarlanean ekoitzitako lana da.
|