Azken hamarkada hauetan, euskal ekonomia sakonki eraldatu eta modernizatu da eta prozesu horretan, industria dibertsifikatu egin da eta ekonomiak hirugarren sektorerantz jo du. Aldi berean, ekonomiaren eta enpleguaren hazkunde-tasak oso handiak izan dira, EBean erregistratu direnen batez bestekoa baino handiagoak, hain zuzen ere; eta, horrek, konbergentzia erraztu egin du per capita errentari dagokionez.
Transformazio horren arrazoia hainbat faktore ekonomiko eta instituzionalek bat egin izanean datza; faktore horien artean, aipatzekoak dira Estatutua eta Kontzertu Ekonomikoa indartzeak ahalbidetu dituen politika publikoak abiatzea eta europar proiektuan sartu izanaren ondorioz kanpo-merkatuak zabaltzea; Moneta Batasunean parte hartzeko azken etapak lehiatzeko abantaila argia ekarri baitzuen, kanbio-tasaren maila onari esker, eta horrek mesede egin zion euskal ekonomiaren hazkundeari.
Baina, hamarkada honen hasieran, faktore horien bultzada amaitzear zegoen. Euskadiko soldata mailak Frantziako eta Alemaniako eskualde askotako mailetara hurbiltzen ari ziren eta, bitartean, Ekialdeko zabalketako herrialdeen ekonomia berriak izaten ari ziren kostutan lehiatzeko abantailaren eta Europa erdialdeko merkatuak hornitzeko aukeraren lekukoa jasotzen zutenak.
Beharrezko gertatzen zen, beraz, estrategia ekonomiko berria formulatzea, Euskadiren bigarren transformazio ekonomikoa delakoari ekiteko helburuz. Euskal gizarteak gaur egun duen garapen maila lortu duen gizarteak, ezin jarraitu du bere etorkizuna atzerriko teknologien erabileraren eta kostuen abantailen arabera planteatzen; aldiz, berrikuntzak, kalitateak eta ezagutza sortzeak ezartzen dioten erronkari aurre egin behar dio.
Euskadiren bigarren transformazio ekonomiko honen oinarriak hiru ardatz ditu: informazioaren eta ezagutzaren gizartea eraikitzea; Euskadi gune europarrean ikerkuntzaren eta teknologiaren erreferentzia bihurtzea; eta, antolakundeak kudeatzeko modu gisa, erabateko kalitatearen printzipioa hedatzea.
Bigarren Transformazio Nagusia (pdf 2.645 Kb)
|